Surfa eta gure komunitatea ospatzeko jaia
Kirol-ekitaldi honen bidez Zurriolako hondartzan surf egiten dugunon arteko loturak estutu nahi ditugu, baita gure proiektuarekin jarraitzeko borondate irmoa lau haizeetara zabaldu ere.
Gure lehentasuna surfa bultzatzea eta surflarientzako azpiegitura txukunak eskaintzea da, baina ez edonola. Euskal gizartean sustraituta sentitzen gara eta inguratzen gaituen jendartearen kezka eta erronkak gure egiten ditugu. Horrexegatik, balore aurrerakoiak (euskaltzaletasuna, parekidetasuna, parte hartzea, inklusioa, auzolana, elkartasuna, naturarekiko zaintza eta errespetua…) besarkatzen dituen surfa bultzatzen dugu eta gure ibilbidea aipatu baloreak bultzatzen dituzten eragile eta norbanako guztiekin elkarlanean burutu nahi dugu.
Ez dugu gure elkartea bazkideen beharrak asetzera bideratu nahi soilik; gure egitasmoarekin bat egiten duten ekimen herrikoien zerbitzura daude Groseko Indarraren azpiegiturak eta gure ateak zabal-zabalik aurkituko ditu asmo horrekin bat egiten duen edonork. Horiexek dira gure egitasmoaren ardatzak eta horri tinko eutsi nahi diogu.
Txapelfesta, beraz, topagune eta festa izango da, surfa balio aurrerakoietatik bultzatu nahi dugun surflarion topagune, baita Zurriola hondartzan surfeatzen dugunok elkartuko gaituen festa.
Jarraian, Txapelfestaren informazio orokorra aurkituko duzue:
- Txapelfesta irailaren 18, 19 eta 20an ospatuko da.
- Lau modalitate egongo dira: taula motza, taula luzea, kortxoa eta surf egokitua. Modalitate bakarrean soilik eman ahalko da izena.
- Parte hartzeko gutxieneko adina 8 urtekoa da. Gainera, parte hartzaile guztiak metro bateko olatu errezak bakarrik surfeatzeko gai izan behar dira.
- Txapelfesta irekia izango da, baina mugatua. Bazkide ez direnek ere parte hartzeko aukera izango dute, baina parte hartzaile kopurua 120 lagunera mugatuko dugu.
- Izen-emateak antolatzerakoan, bazkideentzako zenbaki espezifiko bat gordeko dugu. Plazak gordetzerakoan iaz izandako partaidetza-zifrak hartuko ditugu erreferentziatzat.
- Halaber, izen-ematean emakumeei, surf egokituan aritzen direnei eta kolektibo zaurgarriei emango diegu lehentasuna. Surf egokitua egiten baduzu edo kolektibo zaurgarri bateko kide bazara, jar zaitez gurekin harremanetan lehenbailehen.
- Txapelfestaren jai-izaera indartzeko eta ekitaldiari umore kutsua emateko asmoz, larunbatean mozorrotuta etortzera animatzen zaituztegu. Surf taula bat zozketatuko dugu mozorrotuen artean.
- Izen-emateak online burutuko dira, irailaren 14tik 16ra, webgune honetan bertan. Izen-emate inprimakia 00:00tan irekiko da eta 18:00tan itxi.
- Izen-ematea burutu ondoren, egin bat parte-hartzaileen WhatsApp taldearekin esteka edo QR-a erabiliz. Taldean informazio garrantzitsua partekatuko dugu. https://chat.whatsapp.com/Fmr2yGOIvuPAwRc2qa6YbQ?mode=gi_t
1. Txapelfestaren ordutegia, hasiera batean, honakoa izango da: ostirala 16:00tatik 20:00tara, larunbata 8:00tatik 19:30tara eta igandea 8:00tatik 13:30tara. Baliteke ordutegiak aldaketak jasatea itsasoko baldintzak direla eta.
2. Taula motza modalitatean ondorengo kategoriak egongo dira eta bakoitzak bere finala edukiko du: sub 14 (2012), open, master (45=+) eta super master (60=+). Taula motza modalitatean, halaber, emakumeek final propioa edukiko dute, arestian aipatutako kategoriatan lehiatzeaz gain. Gainontzeko modalitateetan (longboard, kortxoa eta surf egokitua) ez da kategoriarik egongo.
3. Parte-hartzaile guztiak dagokien lehen txanda baino ordu erdi lehenago pasa behar dute kontrol gunetik parte-hartzea berrestera eta Txapelfestako kamiseta jasotzera.
4. Txandak igande goizera arte antolatuko ditugu, baino baliteke igande arratsaldean txanda gehiago ospatzea azkenean. Beraz, igande arratsalderako planik ez egin badaezpada.
5. Parte-hartzaile bakoitza bi txandatan arituko da gutxienez. Taula motzean, lehenengo txandan, kategoria desberdinetako kideak uretaratuko dira. Bigarren txandan, aldiz, kategoria berekoak izango dira surflari guztiak. Lehenengo txandan parte hartu eta gero adi egon ea noiz egokitzen zaizuen bigarrena Liveheats aplikazioan.
6. Txandak irauten duten bitartean ez dira lehentasunak markatuko.
7. Txandetan olatu bakoitzaren puntuaketa aipatuko da, baino, taula motzean, ez da parte-hartzaile bakoitzaren egoera orokorra jakinaraziko hasierako txandetan ez baita parte hartzaileen arteko lehia zuzenik egongo. Aldiz, longboard, kortxo eta surf egokitua modalitatetan, baita surf finaletan ere, egoera orokorra aipatuko da.
8. Puntuaketa orokorra online ikusi ahal izango da Liveheats aplikazioan. Emaitza onenak lortzen dituztenak finaletara pasako dira. Parte-hartzaile bakoitzaren bi olatu onenen batura hartuko da kontutan finalistak zeintzuk diren erabakitzeko.
9. Ez dakigu ziur finalerdiak antolatuko ditugun kategoria guztietan. Itsasoaren baldintza eta txanden bilakaeraren arabera erabakiko dugu larunbatean.
10. Parte-hartzaileen segurtasuna bermatu eta laguntza eskainiko duen bolondres talde bat egongo da.
11. Baliteke parte-hartzaile gaztetxoenek olatuak hartzeko laguntza behar izatea. Antolatzaileok erabaki eta jakinaraziko dugu, itsasoko baldintzen arabera, zein adinetako umeek jaso dezaketen laguntza.
12. Finalisten behin behineko zerrenda argitaratzean, balizko akatsak zuzentzeko, alegazioak egiteko tartea eskainiko da. Parte-hartzaileek 30 minutuko tartea izango dute horretarako.
13. Igandean, txanda guztiak amaitu bezain azkar, sari banaketa eta laguntzaileek emandako oparien zozketa burutuko dugu parte hartzaileen artean. Ezinbestekoa da bertan egotea saria jaso ahal izateko.
14. Garbi mantendu hondartza eta ez erabili mozorroetarako uretan gal daitezken plastiko edo material kutsakorrik.
15. Txapelfestaren helburua ez da Groseko surflari onena zein den jakitea, giro onean surfaz gozatzea eta hondartzan gabiltzanon arteko loturak estutzea baizik. Jator ibili uretan, baita uretatik kanpo ere.
16. Antolakuntzan gabiltzanok ahal dugun hoberen eta ilusioz gainezka ari gera antolatzen ekitaldia. Zuen laguntza eta umore ona eskertuko dugu.
