Groseko Indarra Surf Elkartea

Kluba – Historia

Groseko Indarra izena udako arratsalde batean sortu zen, Groseko hondartzako muro zaharrean. Egun hartan ez zen olaturik egongo seguru aski, eta hortxe elkartu ziren surflari mitiko batzuk itsasoa lau-laua egonda zer egin ote zezaketen asmatu nahian. Klub bat, talde bat, banda bat edo antzeko zerbait osatzea bururatu zitzaien orduan. Juanpe Sansinenea, Rene eta besteren bat zegoen tartean. Juanpek esan zuen Groseko muturraren indarra eta euskal indarra irudikatzen zuen izenen bat aukeratu behar zutela. “Eusko Indarra” izeneko batailoi batean ibilia zen bere aitona 36ko Gerran, eta hortik sortu zen “Groseko Indarra” izena. ESKERRIK ASKO IZENAGATIK!!!!!

Izena handik gutxira ofizialdu zen, Groseko hondartzan txapelketa bat antolatu eta “Groseko Indarra” izena jarri ziotenean. Gabi Lasa “Gabilan”, Iñigo Iraola “Ambi” eta Alfonso Azketa “Txontxo” izan ziren antolatzaileak. Zuetako gehienentzat ezezagunak izango dira izen horiek, baina surflari horiek orrialde ugari eta bikainak idatziak dauzkate Donostiako surfaren historian.

Beranduago, 2000. urtean, elkartea ofizialki sortu zuten Jesus Jimenez, Carlos Marichalar, Julen Larrañaga eta Haritz Mendiluzek. Helburua, guztion gozamenerako elkarte bat sortzea izan zen, Donostiako surflarientzat bilgune bat sortuz eta surfaren alderdi ezberdinak sustatuz. Urteak aurrera joan ahala bazkide kopurua handitzen eta elkarteak eskaintzen zituen zerbitzuak hedatzen joan ziren. Surflariak aldatzeko eta hauen materiala gordetzeko hondartzan instalakuntzak lortu ziren, surf eskola sortu zen eta nazioarte mailako txapelketak antolatzen hasi ziren. 2013an belaunaldi aldaketa eman zen elkartearen kudeaketan, Jon Mikel Zubeldia, Edgar de Pedro eta Lander Irazabalbeitiak sorturiko zuzendaritza taldearen eskutik. Urte berean, horren txoko berezia eskaintzen duen Txiringitoa kudeatzen hasi ginen. 2015ean instalakuntzak handitu genituen eta surf eskola erreferente bat bihurtu zen Donostian. Jon Mikel Zubeldiak hamar urtez bete zituen elkarteko lehendakari lanak eta urte guzti horietan zehar elkarteak hamaika ekimen burutu eta egitasmo sendo bat gorpuztu zuen.

2023an lantalde berri batek hartu zuen elkartearen ardura, Eneko Aizpuru (lehendakaria), Ethan Egiguren (lehendakariordea), Regina Jaca (idazkaria), Ion Paul Martikorena (Txiringitoko arduraduna) eta Arkaitz Bardajik (juntakidea) hain zuzen ere. Gure lehentasuna surfa bultzatzea eta surflarientzako azpiegitura txukunak eskaintzea da, baina ez edonola. Euskal gizartean sustraituta sentitzen gara eta inguratzen gaituen jendartearen kezka eta erronkak gure egiten ditugu. Horrexegatik, balore aurrerakoiak (euskaltzaletasuna, parekidetasuna, parte-hartzea, inklusioa, elkartasuna, naturarekiko zaintza eta errespetua…) besarkatzen dituen surfa bultzatzen dugu eta gure ibilbidea aipatu baloreak bultzatzen dituzten eragile eta norbanako guztiekin elkarlanean burutu nahi dugu. Ez dugu gure elkartea bazkideen beharrak asetzera bideratu nahi soilik; gure egitasmoarekin bat egiten duten ekimen herrikoien zerbitzura daude Groseko Indarraren azpiegiturak eta gure ateak zabal-zabalik aurkituko ditu asmo horrekin bat egiten duen edonork. Horiexek dira gure egitasmoaren ardatzak eta horri tinko eutsi nahi diogu. 

Gure elkarteak ibilbide luzea dauka jadanik; arrakasta handiak lortu ditu txapelketetan eta maila handiko surflari eta bodyboarder-ak ditugu gure artean, hala nola, Laine Fernandez, Nora alvarez, Joserra Martínez, Marta Huércanos, Norman Landa, June del Campo, Julen Larrañaga, Xabier Ayestarán, Iñigo Ganzarain, Maddi Aizpurua, Lander Irazabalbeitia, Ibon Gurrutxaga, Iñaki Gorospe, Eneko Merino, Beñat Elosua, Borja Gainzarain, Joseba Mercader, Ethan eta Julen Egiguren…

Urte guzti hauetan, elkarte bezala hazten jarraitu dugu eta gaur egun 300 bazkide inguru gara. Guzti hau Zurriolako hondartzan, hondarrean bertan, Sagueseko izkinan. Sekulako luxua!

“GURE INDARRA BATUZ, GROSEKO INDARRA BULTZATUZ”

Bazkide egin

Elkarteko bazkide izateko eta gure instalazioez gozatu ahal izateko eskaera handia da eta azken urteetan areagotu egin da. Honegatik, une honetan bazkide kopuru mugatua dago eta kide izateko itxaron zerrenda bat dugu. Oraingoz itxaron zerrenda itxirik dago ordea.

Instalakuntzak

Saguesen, Zurriola hondartzarako sarrera malda ondoan gaude, hondartzan bertan. Taula hartu eta uretara jauzi egiteko prest. 2025ean berrituriko instalakuntza modernoetaz gozatzen dugu gure bazkide eta bezero guztien beharrei erantzuteko prest.

Eusko Indarra
25 URTE Logo